Instrumentu hori oso berezia da eta ez da horrelako besterik, organoaren historia eta sorrera bera bitxiak baitira. 1907an Bidarteko Ilbarritz gazteluan jarri zen, Biarritzetik gertu. Gaztelu hori Espée-ko Baroiarena zen. Baroi hori musikazalea eta bitxi samarra zen, eta kontzertuak eta inprobisazioak jotzen zituen (maiz Wagner-en konposizioetan oinarrituak), gonbidatu gisa Biarritzeko eta Pariseko goi-mailako pertsonak zituela.
Jatorriz areto-organo bat zen; eskuzko hiru teklatu eta pedalezko teklatu bat zituen, 62 erregistrorekin. Erregistro horien arteko 26 lehenengo teklatuaren azpialdean kokatutako teklatu txiki batean zeuden; teklatu horrek zenbait soinu-efektu zituen, esate baterako tinbalak, kutxa, triangelua, gong-a, kriskitinak, etab. Organo horren zatirik handiena (bi teklatu) Usurbilgo Salbatore parrokiari saldu zitzaion 1920an, eta Fernand Prince eta Gauziède organogileei organoa lekualdatzeko eta eliza-organo baten kontzeptura egokitzeko enkargua eman zieten.
Usurbilgo organoak eskuzko hiru teklatu eta pedalezko teklatu bat ditu gaur egun; teklatu horiek ohi baino gehiago zabalduta daude, lehenengoek 64 nota (La0-tik Do6-ra) hartzen baitituzte, eta azkenak, berriz, 35 (La0-tik Sol3-ra). 2010an Dénis Lacorre-k zuzendutako DLFO enpresa frantziarrari agindutako zaharberritzearen ondoren organoak 46 erregistro ditu guztira. Gainera, organo horrek Cavaillé-Coll etxearen konbinatzaile aparta du, Pierre Veerkamp-ek asmatua; konbinatzaile horrek aukera ematen du aldez aurretik bost erregistro-konbinazio prestatzeko. Elementu bakan eta miresgarri horren pareko beste ale bat bakarrik ezagutzen da, eta Frantzian dago. Azpeitiko.