Gipuzkoan Europako organo-kolekzio garrantzitsuenetako bat dago. Probintzia horretako organo-ondarea 150 instrumentu inguruk osatzen dute. Organo horien artetik Lorenzo Arrazolak 1761ean eraikitako Ataungo organo barroko hispaniar bikaina azpimarra daiteke. Halaber, organo-ondare horretan organo erromantiko frantziarren bilduma bikain bat ere nabarmentzekoa da. Aristide Cavaillé-Coll da bilduma horretako burua, 1861 eta 1898 urteen artean eremu horretan mota eta tamaina guztietako 14 organo jarri baitzituen. Aurreko organo horiez gain aipatu beharrekoak dira Stoltz-frères (Paris), Mutin, Merklin/Gutschenritter, Puget, Didier eta beste organogile frantziar batzuek eraikitakoak. Aipatzekoa da baita ere Walcker enpresa alemaniarrak 1914an jarritako instrumentu ederra.
Gipuzkoako aparteko organo-bilduma horri XIX. mendearen amaieratik aurrera erromantizismoaren eraginpean sortutako instrumentuak gehitu behar zaizkio. Organo horiek organogile euskaldunek edo Euskal Herriarekin harreman estuak zituzten organogileek eraiki zituzten, besteak beste Aquilino Amezuak, Eleizgaray y Compañíak, Amezua y Compañíak, Lope Alberdik, Melcherrek eta Dourtek. 1940an utzi zitzaion erromantizismoaren eraginpean sortutako organoak jartzeari. Data horretatik aurrera Azpeitian Organería Española Sociedad Anónima enpresa finkatu zen. Enpresa horrek Espainiako organo neoklasikorik handiena jarri zuen Donostiako Artzain Onaren katedralean, 1953an; organo horrek eskuzko bost teklatu, pedalezko teklatu bat eta 125 erregistro zituen.
Organo-ondare horren inguruko informazio xehatuagoa ematen dute liburu hauek: Gipuzkoako Organoak-Organos de Gipuzkoa, José Manuel Azkuek, Esteban Elizondok eta José María Zapirainek idatzia eta Kutxa Fundazioak editatua, Donostia, 1998. La Organería Romántica en el País Vasco y Navarra (1856-1940), Esteban Elizondo Iriarterenak idatzia, Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpen-zerbitzuak editatua. Donostia, 2002. Organos franceses en el País Vasco y Navarra, Françoise Clastrier-ek eta Oscar Candendo-k idatzia eta Eusko Ikaskuntzak editatua. Donostia, 1994. Les orgues Cavaillé-Coll en Gipuzkoa (Pays-Basque espagnol et leur répertoire), Esteban Landart-ek idatzia eta L'Orgue-k editatua. Zurfluh. Bourg-la-Reine. Frantzia, 1995.
Grabazio diskografikoak
Aipatutako organo gehienek eginez geroztik aldaketarik jasan ez dutenez, Gipuzkoa nazioarteko interes-gune bilakatu da interpretatzaileentzat eta enpresa diskografikoentzat. Azken urteetan organojole hauek hainbat disko trinko grabatu dituzte: José Manuel Azkue, Winfried Bönig, Juan de la Rubia, Esteban Elizondo, Vincent Genvrin, Vicent Giner, Pedro Guallar, Willibald Guggenmos, Piet Kee, Mathias Kjellgren, Susan Landale, Michèlle Leclerc, Kurt Lueders, Aitor Olea, Maria Dolores Oteiza, Ben van Osten, Daniel Roth, Koro Sáenz, Johannes Skudlik, Joris Verdin eta Elke Völker. Grabazio horiek diskoetxe hauentzat egin dira: Amerikako Estatu Batuetako Titanic Records; Alemaniako Mottete, Aeolus, Ambitus eta DG; Frantziako Hortus, Ricercar eta Calliope; Espainiako Cascabel, Ciutat Barroca eta Banco de sonido; Euskal Herriko Ausartrecords; Suediako Nosag eta Ingalaterrako Casa Chandos. |